Kale bazterretan jende ugari eskean, haur txikiak sos batzuk lortu nahian goxokiak saltzeko ahaleginean, autobus gidarien etengabeko lasterketa eroak, erosi nahi zaituzten polizia ustelak...
Nahi izanda ere, ezin izango nuke zerrenda hau bukatu, herrialde hau deskribatzea oso baita zaila. Gaztelaniaz esaera batek dioen bezala, "si no lo veo, no lo creo". Hona etorri aurretik ez nuke sekula imajinatuko Mexiko den bezalakoa zenik.
Egia esan, kalera irten eta paseatzea nahikoa da herrialdearen egoeraz jabetzeko. Erabat hunkitzen da bat 5-6 urteko haurrak eskean hurbiltzen zaizkionean, edota edozein kale bazterretan eskale ugari lurrean etzanda ikusten dituenean. Hirugarren mundura gehiago hurbiltzen den herrialde bat dela esango nuke, arlo askotan hobetu beharra daukan herrialde bat.
Hemen ere gogor jo du kapitalismoak, are gehiago, oso ondo islatzen da hori hemen. Izan ere, jende txiro asko eta asko dagoen arren, ez dira falta beraien "Porsche" edo "Ferrari"-ak gidatzen dituzten enpresari eta politikari aberaskiloak.
Horren arira, ustelkeria izugarria nabarmentzen da administrazioan, politikan eta gainontzeko erakundeetan. Horrelako "lapurreta" mailarekin herrialde bat aurrera ateratzea oso zaila da. Chapo atxilotu dutela eta, dena amaitu dela ematen du, estatu honek dituen gabezia guztiak izkutuan geratzen direlarik.
Berez, izugarrizko aberastasuna daukan herri bat da hau, izan ere, energia iturri ugari eta, batez ere, petrolio asko duen estatua da. Baina, gaur egun leku guztietan gertatzen den bezala, multinazionalak dira nagusi eta boterea haiengan dute. Pemex enpresak kontrolatzen du Mexikoko petrolio guztia, herriari daukan aberastasuna kenduz.
Motza izan bada ere, nire hausnarketatxo honek Mexikori buruz gehiago jakin dezazuen balioko duela espero dut. Agurrik beroenak hemendik! Beroenak literalki, tenperatura hauek Euskal Herrian udan ere justuan sentitzen dira-eta!
hspace="16" vspace="16" />
















iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina