2014(e)ko apirilaren 8(a), asteartea

¡MÉXICO LINDO Y QUERIDO!

Kale bazterretan jende ugari eskean, haur txikiak sos batzuk lortu nahian goxokiak saltzeko ahaleginean,  autobus gidarien etengabeko lasterketa eroak, erosi nahi zaituzten polizia ustelak... 


Nahi izanda ere, ezin izango nuke zerrenda hau bukatu, herrialde hau deskribatzea oso baita zaila. Gaztelaniaz esaera batek dioen bezala, "si no lo veo, no lo creo". Hona etorri aurretik ez nuke sekula imajinatuko Mexiko den bezalakoa zenik. 
Egia esan, kalera irten eta paseatzea nahikoa da herrialdearen egoeraz jabetzeko. Erabat hunkitzen da bat 5-6 urteko haurrak eskean hurbiltzen zaizkionean, edota edozein kale bazterretan eskale ugari lurrean etzanda ikusten dituenean. Hirugarren mundura gehiago hurbiltzen den herrialde bat dela esango nuke, arlo askotan hobetu beharra daukan herrialde bat.
Hemen ere gogor jo du kapitalismoak, are gehiago, oso ondo islatzen da hori hemen. Izan ere, jende txiro asko eta asko dagoen arren, ez dira falta beraien "Porsche" edo "Ferrari"-ak gidatzen dituzten enpresari eta politikari aberaskiloak. 
Horren arira, ustelkeria izugarria nabarmentzen da administrazioan, politikan eta gainontzeko erakundeetan. Horrelako "lapurreta" mailarekin herrialde bat aurrera ateratzea oso zaila da. Chapo atxilotu dutela eta, dena amaitu dela ematen du, estatu honek dituen gabezia guztiak izkutuan geratzen direlarik.
Berez, izugarrizko aberastasuna daukan herri bat da hau, izan ere, energia iturri ugari eta, batez ere, petrolio asko duen estatua da. Baina, gaur egun leku guztietan gertatzen den bezala, multinazionalak dira nagusi eta boterea haiengan dute. Pemex enpresak kontrolatzen du Mexikoko petrolio guztia, herriari daukan aberastasuna kenduz. 
Motza izan bada ere, nire hausnarketatxo honek Mexikori buruz gehiago jakin dezazuen balioko duela espero dut. Agurrik beroenak hemendik! Beroenak literalki, tenperatura hauek Euskal Herrian udan ere justuan sentitzen dira-eta!



2014(e)ko martxoaren 20(a), osteguna

Sabela betez, beste kulturak ezagutuz


Kaixo denoi!

Gaurkoan nik egindako bideotxo batekin natorkizue. Kameraren aurrean nola egon eta hitz egin ikastea helburu bideoak grabatzen hasi naiz. Oraingoz bat editatu eta sareratu dut.

Sabela betez beste kulturak ezagutzeko aukera dagoela pentsantzen dut eta iritsi nintzenetik hemengo plater ugari dastatu ditut, baina honekin, BACALHAU A BRÁS-ekin geratzen naiz.

Hori dela eta lehenengo bideorako Portugaleko ohiko plater hau nola egin irakatsi nahi izan dut. Horrela, nahi izanez gero zuek etxean proba egiteko!


2014(e)ko martxoaren 18(a), asteartea

"Festa della donna, 8 marzo!"


Pasaden astean Pesarotik buelta bat ematen kartel bat ikusi nuen “Festa della donna, 8 marzo!”. Interesatuta hurbildu eta irakurtzen hasi nintzen. Emakumeentzako afariak, jaiak eta Boys-ak. Harrituta geratu nintzen, gurean, martxoaren 8a, ospakizun eguna izateaz gain, batez ere, erreibindikazio eguna bait da. 

Non dago hori horrelako kartel batean? 

Interneten begiratu nuen eta lagunei galdezka jakin nuen, hemen Italian, egun honek denborarekin beste zentzu bat hartu duela: askorentzat Amaren egunaren eta San Valentinen arteko erdibidean dago Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna.

1946an Italian gerra bukatu osteko lehenengo martxoaren 8an Teresa Noce, Rita Montagnanak eta Teresa Matteik (Mussoliniren gobernu faszistaren kontra borrokatu zuten hiru emakumek), emakume langilearen nazioarteko eguneko sinbolo bezala mimosak proposatu zituzten. Harrezkero, Italian (eta bakarrik Italian), mimosak oparitzen dira. 
Pertsonalki sinbolo bat izatea ez dut gaizki ikusten, baina mimosak? Lorak? Kasualitatea? Antzina arrazoia zen  mimosak martxoan loratzen hasten zirela eta merkeak izanik oso eskuragarriak zirela edozeinentzat, betiere sinbolo honek emakumeon borroka gogora ekarriko zuelakoan.

Hala ere, askorentzat etxekoek mimosak eta lagunekin festara, afaltzera eta tartean estereotipoak aginduta Boysak ikustera joateko egun perfektua da gaur egun, holako egun bat ospatu behar izanaren arrazoiak ia erabat ahaztuta. Hurrengo egunean denak jarraituko du berdin, egun batez berezi sentitzeak hurrengo 364 egunetan jasan beharrekoak justifikatuta geratuko balira bezala. Badakizu, emakume zu zure lekura, gure jendarte honek egotera behartzen zaituen lekura. Batzuentzat hor egotea erosoa da, besteentzat ez horrenbeste.
Azken hauetariko askok, hurrengo urterarte itxaron beharko dute, bere etxean mimosak oparitu eta egun batez bada ere, norbaitek behar bezala (edo) berriro kontuan izan arte.
Mimosaren egun zoriontsua emakume guztiei...  

2014(e)ko otsailaren 21(a), ostirala

Ni? euskalduna!

Azken bi astee hauek inskripzio “egunak” ditugu. Hori dela eta,  aukeratu “nahi” ditugun ikasgai guztien klaseetara joan gaitezke gero hori aukeratu edo ez erabakitzeko.

Horretarako klase bakoitzarne bukaeran irakalsearekin hitz egitera geratzea ez dator gaizki ikasgaiaren inguruko galdera zehatzagoak galdetzeko. Erasmus ikaslea zarela erraten duzun momentuan, guztien ahotik ondoko galdera ateratzen da: “Eta zu, nongoa zara?

Lisboara etorri nintzen lehen erantzun behar izan dudan galdera baden arren, oraindik harritu egitennau, nongoa naizen erantzutean jendeak “Pais Basco” (portuguesez) ezagutzen duela, edo behintzat ezaguna egiten zaiola konturatzea. 
Herenegun arte soilik pertsona batek, irakasle batek, ez zuen ondo hartu euskalduna nintzela erratea: “Bah, Pais Basco, é Espanha”. Uste dut lortu nuela, behintzat nire aurrean,  errespetatzea nire nazio sentimendua eta nire sorterria zein zen.
Herenegun Leongo neska batek euskalduna nintzela errateagatik ez dakizue zer nolako iskanbila sortu zuen: “Atera NAN-a eta erran nongoa zaren?” edota “Mucho España es mala, peor bien que os vais de erasmus pedis becas eh!” bezalako zentzugabe eta soilik nire aurka egiteko helburua zuten komentarioak jasan behar izan nituen. Baina lasai, 5 minutu baino gutxiagoan “argudio”-rik gabe utzi eta txorakeriak oihukatzen joan zen klasetik, nahi zuena lortu ez zuelako.

Eskerrak pazientziorum-a nerekin daramadala beti!



PD: Bukatu baino lehen, hemen uzten dizuet nire fakultateko sarrera edo "hall"-a nolakoa den:


2014(e)ko otsailaren 19(a), asteazkena

Kaixo guztioi

Konturatu orduko hilabete pasatu da Pueblara (Mexiko) iritsi nintzenetik. Emozio eta gorabehera handiko hilabetea izan da. Izan ere, lehenengo astea ez zen oso erraza izan niretzat. Ez nuen lagunik, klaseak oraindik finkatu gabe nituen, eta egun guztia etxe zuloan sartuta igarotzen nuen.

Bigarren astetik aurrera, ordea, nire egoera guztiz aldatu zen. Klaseak hasi nituen, klasekide mexikarrak ongi baino hobeto hartu ninduten eta laguntza eskaintza asko jaso nituen alde guztietatik. Gainera, ongi etorri festa bat antolatu ziguten unibetsitate truke programan gauden ikasle guztioi. Bertan, mundu guztitik etorritako hainbat ikasle ezagutzeko aukera izan nuen, eta horri esker, harreman oso onak egin ditut, harreman emankor eta aberasgarriak. Izan ere, beste herrialdeetako kultura eta ohiturez jabetzeko aukera eduki dut.


Behin lagunak eginda, dena oso erraza da; hainbat eta hainbat bidaia, festa nonahi eta noiznahi, lagunarteko egondaldi bikain horiek... Laburbilduz, bizitza hau beste mundu bat da, Euskal Herriko errutina horrekin inongo zerikusirik ez duena, bizitzan parentesi bat irekitzea bexalaxe, alegia.

Klaseei dagokienez, esan beharra dago Leioako unibertsitatean egiten dudana baino gehiago egiten dudala, oraingoz behintzat, lan eta azterketa gehiago ditut. Ni bestelako ideia batekin etorri nintzen hona, era zakar batean esanda, "potroak ukitzera" etorriko nintzela uste nuen. Baina uste horiek atzean gelditu dira, lan pixka bat egin beharko dut hau aurrera eramateko. 

Honenbestez, ez daukat askoz gehiago kontatzeko. Hau izan da nire egonaldiko lehen hilabetearen inpresioa. 

Besterik gabe, agur bat.

2014(e)ko urtarrilaren 9(a), osteguna

Atzerrian gauden ikasleak ere tantak gara!

Asko gara ikasturtea, osoa zein hasiera edo bukaera, atzerrian egiteko aukera izan dugunak. Datorren iaksturteari dagokionez, badirudi azkenak izango garela Erasmus programaren baitan kanpora goazen ikasle guztiek beken dirulaguntza jasotzen ditugunak.

Euskal Herritik ehundaka, milaka kilometrotara egon gara; gaude; egongo gara. Ikasten, lanean, edota gure herrian bizi ezin garelako, euskaldun askok gauza, sentimendu oro areagotzen ditugun distantziaren bidez bizi behar ditugu Euskal Herrian gertatzen den oro, ona zein txarra.

Gure herriak etengabe jasatzen dituen erasoek min egiten digute atzerrian bagaude ere: lagunen atxiloketak, diskriminazio kanpainak, eman behar ez liratekeen epaiketak..

Baina egunerokotasunean lanean jarraitzen duzuenon indarrak geu ere indartzen gaitu eta gure herriaz hare harroago egotea ahalbidentzen digu.

Larunbat honetan batzuk Bilbon egoteko aukera izango duzue. Beste batzuk ordea, sare sozialen bitartez egin beharko dugu jarraipena. Horregatik gure ekarpena nahi izan dugu larunbateko itsasoari. Itsasoa? eta zergatik ez ozeanoa?

Kartzelak hustutzeko garaia da, eta gure klaseetatik bahituta eraman zituzten guztiak bueltan izateko ordua da.

Euskal presoak Euskal Herrian egoteko garaia da!