2013(e)ko abenduaren 2(a), astelehena

Filtroko sarraskiaren itzala 19 urte eta gero

Entzuna nuen zerbait Filtroko sarraskiari buruz Montevideora etortzerako. Irakurria nuen Mintegiagak honi buruz idatzitako liburua, eta banuen gertatua bertatik ezagutzeko gogoa ere. Ez nuen asko uste ordea, Filtron gertatutakoari buruz dokumental bat egiten hasi, eta aitzakia honekin, hamaika pertsonaren lekukotzak entzungo nituenik, tartean, Norma Morronirenak.



1990eko hamarkadan hainbat euskal iheslari politiko etorri ziren Uruguaira. Hauek bizitza publikoa egiten zuten bertan. 1992an 13 iheslari atxilotu zituen Uruguaiko poliziak beste pertsona batzuekin batera. Espainiar gobernuak iheslariak estraditatzeko zeukan interesa zegoen atxiloketa horien atzean. Pixkanaka, euskaldunekiko elkartasunak indarra hartu zuen Uruguaiko kaleetan. Herrialde honek historikoki ideologia ezberdinetako iheslariei asilo politikoa eman izan die, eta eskubide hori aldarrikatzen zuten herritarrek.

Prozesua luze joan zen. Azkenean, hiru euskal herritarren estradizio eskaerak onartu zituzten. Eta ezin esan gabe utzi espainiar gobernuak erabaki horretan izandako eragina, presioa egiteaz gain, autoak eta dirua ere eman baitzizikion Uruguaiko gobernuari estradizio horien truke! Baraualdiari ekin zioten orduan estradizio arriskupean zeuden euskal herritarrek, eta Filtroko ospitalera eraman zituzten. Laster hartu zituzten herritarren protestek ospitale inguruak ere.

1994ko abuztuaren 24an estraditatu zituzten azkenean hiru euskal herritarrak. Erasoa ez zen hor amaitu ordea. Diktadura garaitik ezagutu gabeko indarkeriarekin erantzun zien Uruguaiko poliziak herritarren protestei. Horren emaitza izan ziren Roberto Facal eta Fernando Morroniren heriotzak. Hirugarren biktima bati buruz ere hitz egin izan da, sekula argitu ez den arren.

Kalean gertatzen zenaz ezer gutxi zekien emakume bezala definitzen du Norma Morronik bere burua. Semea hil ziotelako atera zen kalera. “Ellos dieron la orden, y como ratas se esconden”, dio hotz, Fernando hil zutenean gobernuan zeudenei buruz galdetzean. Mila aldiz kontatu du Normak istorio bera, bere historia. Eta berriro kontatzeko prest dago, duintasunaren eta justiziaren izenean. Begiak lausotu zaizkio Euskal Herriari buruz galdetzean. Uruguai adina maite duela dio, baita hango jendea ere. Niri ere korapilo bat egin zait eztarrian hitz horiek entzutean.

Bere etxean hartu gintuen Norma Morronik astelehen hartan. Eta guk, lekutxo bat egin diogu gure bihotzetan emakume erraldoi honi. Elkartasuna, herrien arteko maitasunaz haratago, pertsonen artekoa ere badelako, eta horren isla da bere borroka.

Chao gurises!


Gai honi buruz gehiago jakin nahi duzuenontzako lotura batzuk:
  • Samara Velte kazetariak Berria egunkarian egindako erreportajea.
  • El Filtro: Memorias de los refugiados vascos en Uruguay (Txalaparta, 2009), Jon Mitegiagaren liburua.
  • Canal 10 telebista-kate uruguaiarrak egindako bideo-erreportajea:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina