2013(e)ko azaroaren 4(a), astelehena

Unibertsitateko lehenengo eguna



Goizeko zortziak eta iratzargailua oihuka. Ni ezin esnatu. Abuztuaren 12 zen eta ni unibertsitateko lehenengo klase egunera joan behar. Urduri nengoen, zer aurkituko dut? Nolakoa izango da klasea? Zenbat pertsona egongo dira? Jatorrak izango dira nirekin? Mila galdera bueltaka, lehen hezkuntzako lehengo klase egunean bezala.


La Platako kaleetatik unibertsitaterako bidea hartu nuen, eta hogei minututan EHUren antzik ez duen unibertsitate batean nintzen. Uste dut guztiok ikasgela bat imajinatzen dugunean, aulkiak, mahaiak eta arbela bat dituen gela bat dugula buruan. Baina horrela imajinatzeak, ez du esan nahi horrela direnik ikasgela guztiak. Aulkiak bai, asko daude La Platako Arte Ederren fakultateko ikasgela horretan, baina mahairik ez. Bat bera ere ez. Zinemaren historia ikasgaiko irakasleak txapa ematen duen bitartean ikasleok koadernoa hanketan dugula hartzen ditugu apunteak. Arraroa, ezta?



Hemen Argentinan, unibertsitatean ikastea doakoa da. Zero! Jendeak ez du matrikularik ordaintzen unibertsitatean ikasteagatik! Gustatuko litzaiguke, bai... Jendeak pentsa dezake, unibertsitatea dohainik izanda, edozein sartuko dela ikastera. Baina ez da hala. Esan beharra dut, interesa eta ikasteko grina duen jendea topatu dudala fakultatean. Gainera Latinoamerikako lurralde askotako pertsonak etortzen dira hona La Platara eta sortzen den giroa guztiz aberasgarria da.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean ikasten dut nik Leioan, eta bertan eman ditudan hiru urteetan, asko kexatu naiz. Baina hemen nagoela, konturatu naiz, gure fakultateak badituela probestu behar ditugun zenbait gauza on ere. Bertan egonda, baliteke, ez konturatzea duten balioaz, baina ikasleen eskutara dauden kamera onak ditugu, platoak, mac ordenagailuak dituzten hainbat gela... Hemen Argentinan plato bat baino ez dute. Ikasleek euren kamerak, argi eta soinu ekipoak, ordenagailuak... erabili behar dituzte.

Unibertsitatean gauza berri asko aurkitu ditut, baina ez hor bakarrik. Bi hilabete hauetan orain arte ezezagunak nituen hitz asko ere topatu ditut. Baten bat jakin nahi? Jolastu dezagun hitzen esanahiak asmatzera!

Zer esan nahi du argentinarrez chamullar (‘xamuxar’) hitzak?

Hurrengo sarreran erantzuna

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina