2013(e)ko azaroaren 25(a), astelehena

“La bella Italia…"

Heldu eta hilabete eta erdi beranduago busetik idazten dut, Milanora bidean, ERASMUSean dagoen klasekide bati bisita egiteko. Hogei minutuz egon gara autopistako sarreran, peajearen ondoan, ezer gehiago ez zegoen leku baten eramango gaituen busaren zain. Desesperazio aurpegiaz “La bella Italia…” esatera ohitu gara jada. Etorri aurretik ez nuen pentsatzen hain ezberdina izango zenik. Egia da, aspektu askotan oso antzeko ohiturak ditugula baina badira batez ere, egunerokotasuneko gauza batzuk oraindik ere, harritu egiten nautela. Unibertsitatean ere egunerokotasuneko “kaosa” igarri egiten da. Duela urte bete esango balidate ez nuke sinitsiko honelako zer edo zer esatera helduko nintzenik eta gutxiago publikoan, baina, EHU (batzuetan) faltan botatzen dut, baita gure Bizkaibus zerbitzu “kuttunak”… Baina hemen pozik bizi dira horrela eta guretzat kaotikoa den sistemarekin ondo konpontzen dira, beraz, alde horretatik urte italiar honetan, guri ohitzea tokatzen zait.

Jada bertan bizi naizela benetan asimilatzen hasi naiz, oporretan ez nagoela nahiz eta askotan ematen duen. Bidaiak hara, hona; festa han eta hemen… Gauza berri asko daudela konturatzea eta bat-bateko overbooking hori igual. Momentu baten paratzea eta pensatzea hau dala nire lekua orain. Eta horrek etxera bidaia noiz tokatzen den ekartzen dit gogora. Amari besarkada bat emateko eguna noiz helduko den. Gelditze momentu horietan, askotan sentitzen dut burua han daukadala (tartean teknologia gehiegi) eta horrek zaildu egiten du aurrera egiteak. Baina duela hilabete arrotzak ziren pertsonek, eta gaur betiko lagunak ematen duten horiek, asko laguntzen dute. Laztan bat, besarkada bat, muxu bat, irribarre bat edo hitz polit batzuk ezagutzen ez zaituen pertsona batengatik gehiago estimatzen dira. Pertsona onak oraindik ere existitzen direla deskubritzen duzu. Ingurukoak, elkarren artean oso ezberdinak izan arren, ezagutu barik maitatzen ikasten duzu. Lagunak, txikitan bezala, astebetean egiten dira hemen eta supongo, bizitzen ikastea izango dela hori. Baina, bizirauteko teknika hau benetan gustoko dut. Inguruko kaosaz gain, barne kaosaren parte izango da hau. Kontraesanak per tutti.

Kontraesanak kontraesan, Emilia-Romagnako eguzkiak aurpegian eman eta idazten uzten ez didan honetan, leihotik ikusten ditudan bistengatik “La bella Italia!” irri batez nire ondokoari esatea baino ez zait irtetzen. Autobuseko leihotik eta Leioara, barne kaos italiarrari esker, gaurko irudirik politena.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina