2013(e)ko urriaren 23(a), asteazkena

Paris, mon amour

Paris, maitasunaren hiria. Jendea tropelean doa, euren arteko amodioa bertan izkribatua gera dadin, bizitzako unerik erromantikoenak han igaro zituztela lau haizetara zabaltzeko. Trenean nihoala horren adibide izan nuen. Aurrean zegoen bikotea gau osoa laztanka eta muxuka ibili zen. Eta ni euren atzean, haien maitasunaren lekuko. Bihotz itxurako gominola horietako bat eskaini ere egin zidaten! Xarmagarria... Ziur aski, Parisera heltzean, Notre Dame ondoko zubian giltzarrapoa lotu izanen zuten, inoiz bereiztuko ez zirela elkarri zin eginez. Hobe lukete ba giltzarrpoa haien artean lotzea!
12 ordutako trenak denbora dezente utzi zidan nahi haina hipotesi egiteko.

Gure bizitza kontraesanez josita dago, baina kontraesanak hain handiak direnean absurdo bilakatzen da aurrean duguna. Absurdoa da “liberté, egalité et fraternité” sarreran idatzirik duen eraikin baten atarian eskale bat egotea, bi txakur txikitxo ondoan dituela, eta jendea handik pasatzean animaliatxoez hunkiturik haiek laztantzera hurbiltzea.  

Maitasuna ez beste ezer dario hiriari. Erromantisizmo garaia aspaldi igaro zen, baina asko eta asko, ahal dutenak behintzat, iraganari tiraka bizi dira, egun gizartean zentzurik ez duenari eutsi nahiean. Maitasunak (maitasun erromantiko konbentzionalak) itsutu egiten gaitu; hori erran ohi da. Paris, maitasunaren aitzakipean, itsu dago.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina