2013(e)ko urriaren 27(a), igandea

Pueblatik Leioarat

Aupa gazteok!

Ni Eneko Azurmendi naiz, oñatiarra, eta urtarrilean Mexikora noa, Pueblara zehatzago esateko. 
Kazetaritza ikaslea naiz eta Pueblako unibertsitatean komunikazio gradua besterik ez dago, eta alde horretatik ez dakit zer eskainiko didan. Baina tira, gauza da lur mexikarrak zapaltzeko irrikitan nagoela eta bertara joateko tramitazioa bukatzen ari naizela, nahiz eta bisa egitera Bartzelonaraino joan beharko dudan.

Beraz, Urtarriletik aurrera nire esperientziak idatziko ditut hemen.

Ordura arte!

2013(e)ko urriaren 25(a), ostirala

Ciao a tutti!

Naima naiz, Bilbotarra berez, Italiarra adopzioz (urte betez bada ere). Geologiako 3.mailako ikaslea naiz EHUn eta nire betiko ametsa izan da kanpoan ikasi ahal izatea, mundua ezagutzea. Asi que, iaz kurtso hasieratik hasi natzaion nire koordinatzaileari plastadia emoten eta azkenean lortu dut. Hemen nago. Urbinon. Sono Erasmus! Hilabete daramat Italian (irailaren 13an heldu nintzen) eta urte osua egongo naiz. Urbino Italiako Marche probintziako mendi punta baten dagoen herritxoa da. Italiako herri gehienak bezala ederra da eta aldapaz beteta dago (egitan, ez da esageraziñoa, Elantxobe baino okerragoa da...).
Erasmusa nun egin aukeratu nuenean, nire premiarik handiena hiritik irtetzea zen (Bilbokoa naiz..).  Aukera biableak  ziren Cardiff (Galesen) eta Pavia, Milano eta Urbino (Italian). Inglesa hobetzeko asmotan, Cardiffera joan nahi nuen, baina inskripziñoa egiteko orduan desagertu zen inork ezebe esan barik (gora EHU!). Eta zergatik oso ondo jakin barik, Urbino aukeratu nuen.  Hasiera baten pentsatu nuen mendi puntan egongo nintzela “de retiro espiritual” edo. Niente. Guztiz kontrakoa da. Hemengo unibertsitateak bostehun urte inguru ditu eta ikaslez beteta dago. Giroa ezinohobea. Benetan, eta badaezpadan berriro esango dut , hobetu ezina.

Lehenengo egunak arraroak izan ziren  papeleoa, leku berria, ohitura berriak, jende berria... Baina segituan ohitzen zara, ze erremedio! Errez erreza izan zen bertan ginala asimilatzea. Erasmus pilo bat daude Españatik eta Kataluñatik etorriak eta italiarrek egiten dute berba edozeinekin. Euskaldunak lau gara: nafartar bat, bi gipuzkoar eta ni. Alemanak pilo bat dira, Irlandesak eta Frantsesak ere asko dira. Poliglota bueltatuko gara Euskal Herrira!   
Eta gaurkoz, bukatu dut txapada introduktorio hau.


“Volare oooh! Cantare ooooh! Nel blu dipinto di blu, FELICE DI STARE LASSU!!”

2013(e)ko urriaren 24(a), osteguna

Esperientzia baterako leihoa

Hasi da nire erasmus esperientzia, oraindik ezin dut sinetsi! Jada denboratxo bat daramat Lisboan eta oraindik hizkuntza eta klaseetara ohitzen banabil ere, jada etxean sentitzen naiz.
Hau azpimarratzea gustatuko litzaidake, izan ere, harrigarria da etxetik, lagunengandik eta ezagutzen dugun mundutik urrun gaudenean zeinen azkar moldatzen garen egoera berrietara, baina batez ere, zeinen azkar jartzen dugun gure konfiantza lagun berrietan.
Konfiantza. Aurkezpen edo sarrera honetan hasi nahi nuen gai honi buruz berbetan, izan ere besteengan sinetsi behar dugu denok zerotik hasten garen hiri batetan. Ez dago aukerarik, baina dena azkarrago eraikitzen da. Sentimenduak, ideiak eta gertaerak batera datoz, gaztelu berri bat sortuz, etxetik urrun.


Goza dezagun denok elkarrekin esperientzia honetaz, eta ikas dezagun ere. Garrantzitsuena aukera hau benetan aprobetxatzea da, ezberdina egitea. Aurrera!



2013(e)ko urriaren 23(a), asteazkena

Nondik?

Abuztuaren 9a. Aspalditik markatuta neukan data agendan, eta inoiz ez zela iritsiko uste nuen. Orain berriz, atzo izan zela iruditzen zait, bi hilabete pasa diren arren.
Egun horretan irten nintzen Euskal Herritik, euskaldunen presentzia handia duen herrira, Uruguaira. Egia esan, aurreko egunetan ere, hemen gehiago nuen burua hor baino: maleta, hegaldia, hizkuntza... Beldurra ere sentitzen nuen, herrialde txiki hau handiegi geratuko ote zitzaidan, zergatik ukatu!

Sentsazio horiekin hartu nuen Euskal Herrikoen aldean “zaharra” zirudien autobus hura aireportuan. Montevideora iritsi, eta Euskal Herrian baino jende irekiagoak lagundu zigun hostalera iristen. Eta zer esan lehenengo egunei buruz! Hiria lasaia iruditu zitzaidan, baina gauza batzuk harrigarriak egiten zitzaizkidan, esaterako, gurdia zeramaten zaldiekin hondakinak biltzen dituen jendea ikustea. Hondakinak biltzeko sistemari buruzko eztabaidan bizi den gipuzkoar batentzat ulertezina zen! Eta horrela, beste milaka adibide...

Pixkanaka, ohartu naiz Hego Amerikan nagoela, Uruguain, Montevideon, eta ez Euskal Herrian. Beraz, Euskal Herriko betaurrekoak erantzi, eta hemengo ikuspegitik osatu nahiko nuke nire eguneroko hau. Hemendik eta zuentzat, zuek ere herrialde honetako borroken berri izan dezazuen.

On egin!

Paris, mon amour

Paris, maitasunaren hiria. Jendea tropelean doa, euren arteko amodioa bertan izkribatua gera dadin, bizitzako unerik erromantikoenak han igaro zituztela lau haizetara zabaltzeko. Trenean nihoala horren adibide izan nuen. Aurrean zegoen bikotea gau osoa laztanka eta muxuka ibili zen. Eta ni euren atzean, haien maitasunaren lekuko. Bihotz itxurako gominola horietako bat eskaini ere egin zidaten! Xarmagarria... Ziur aski, Parisera heltzean, Notre Dame ondoko zubian giltzarrapoa lotu izanen zuten, inoiz bereiztuko ez zirela elkarri zin eginez. Hobe lukete ba giltzarrpoa haien artean lotzea!
12 ordutako trenak denbora dezente utzi zidan nahi haina hipotesi egiteko.

Gure bizitza kontraesanez josita dago, baina kontraesanak hain handiak direnean absurdo bilakatzen da aurrean duguna. Absurdoa da “liberté, egalité et fraternité” sarreran idatzirik duen eraikin baten atarian eskale bat egotea, bi txakur txikitxo ondoan dituela, eta jendea handik pasatzean animaliatxoez hunkiturik haiek laztantzera hurbiltzea.  

Maitasuna ez beste ezer dario hiriari. Erromantisizmo garaia aspaldi igaro zen, baina asko eta asko, ahal dutenak behintzat, iraganari tiraka bizi dira, egun gizartean zentzurik ez duenari eutsi nahiean. Maitasunak (maitasun erromantiko konbentzionalak) itsutu egiten gaitu; hori erran ohi da. Paris, maitasunaren aitzakipean, itsu dago.


2013(e)ko urriaren 22(a), asteartea

Ez Roma, ez Bolonia. Lisboa

Askotan entzun izan nuen, unibertsitatera sartu aurretik Erasmus hitza unibertsitate hitzaren atzetik. Askotan, gehienetan, ikasketa arloa alboratuta geratzen zen entzuten nituen kontakizunetan, egun bat bestearen atzetik parrandan pasatzearren.
Azkenean unibertsitatean sartu nintzen. Kazetaritza ikasi nahi nuen eta nire herritik Leioara joan behar izan nuen euskaraz ikasi ahal izateko. Bertan ere, lehenago entzunak nituen kontakizunak entzuteko aukera izan nuen 1. eta 2. mailetan zehar.

Erasmus, Orgasmus.

Azkenean urtebetez beste herrialde batera ikastera joatekoa aukera heldu zitzaigun 2.mailan geundenoi. Gogoratzen dut Erresuma Batura edo Irlandara joateko nere nahia zapuztuta ikusi nuela Erasmus eta bestelako programen inguruko batzar informatiboan, leku ezberdinen zerrenda ikusterakoan. Ez neukan aukerararik, ez Irlanda ezta Erresuma Batuan ez zegoelako erasmusik egiteko aukerarik. Hortaz, Italia bihuru zen nire nahia.

Oh Erroma, que bella!

Roma lehengo, Bolonia bigarrez. Ba ez! Azkenean Lisboa izan zen eskeini zidaten helmuga. Bitan pentsatu gabe, eta egia esan Lisboan asko pentsatu gabe onartu egin nuen. Argi neukan, kanpoan ikasi nahi nuela hurrengo ikasturtean, eta antza zenez Lisboa izango zen nire helmuga.

Paper sinaketa, urduritasuna, email bonbardeoak, azterketak eta uda.

Barañaingo jaiak, San Ferminak, Kale-Jira; Koadrlila, aspaldiko lagunak, ezagunak..
Momentu ahaztezin asko.
Agurrak.

9-10 hilabete, hiri berri bat.


Lisboa.



¿Qué onda boludos?

Zaila izaten da batzuentzat etxetik urrun joatea, zaila erabakia, zaila maleta prestatzea eta zaila mutilari azken musua ematea. Baina zin egiten dizuet ez dagoela erabaki aberasgarriagorik.
Argentinako La Plata hirira etortzea erabaki nuen nik, eta aitortzen dut, zaila izan zen egunerokotasuna utzi eta mundu berri eta ezezagun bat ezagutzeko bidairi ekitea. Baina orain, zenbakien hiri honetan hilabete bat daramadala, esan dezaket esperientzia hau ez nukeela ezerengatik aldatuko. Bidaia hasi besterik ez da egin.

Duela hilabete bat, hegazkina hartzeko Bilbora kotxez nindoala, honakoa galdetu nien gurasoei: “Baten batek egingo du, nik bezala, Bilbo-Paris-Buenos Aires bidaia?”. Kasualitatea handiegia izango zela uste izan genuen momentu horretan, baina hemezortzi ordu geroago, Buenos Aireseko aireportuan nengoela holakoak gertatzen direla ikusi nuen. Bidai guztia bakarrik egin eta La Platara bakarrik iritsiko nintzela pentsatzen nuen. Beldur nintzen, egia esan. Baina autobusa itxoiten geundela, gidariak bidaiari guztien izenak esan zituen ahozkora. Horien artean bi izen euskaldun, nirea eta orain nire pisukidea den mutil batena. Izenak entzun, elkar begiratu eta...

-       Euskalduna zara?
-       Bai
-       Parisetik etorri zara?
-       Bai, Bilbo-Paris-Buenos Aires bidaia egin dut.
-       Benetan? Nik ere bai! Eta nora zoaz?
-       La Platara, Frankville hostelera.
-       Ni ere bai!! Zenbaterako?
-       Lauhilabete bat, zu?
-       Berdin!!!

Bakarri iritsi nintzen Argentinara, baina zorionez ez La Platara. Gaurtik aurrera, Leioatik at Argentinan eta bereziki La Platan bizitzen ditudan esperientziak kontatuko dizkizuet eta, baliteke, horrelako beste ezustekoren bat ere egotea tartean. 

¿Qué onda boludos? @LohiLorit nauzue!


2013(e)ko urriaren 21(a), astelehena

Leioatik At! martxan dago!

Pasa den urtean Leioatik! Proiektu komunikatiboa sortu genuen, gure campusean gertatzen dena ikuspegi kritiko batetik berri emateko helburuarekin. Gutxinaka gutxinaka atalak gehituz joan gara, eta sarea Leioako berriez busti ere. Asko gara Leioan ikasten dugun ikasleak, ikasturtea Leioan igarotzen dugunak, zein programa ezberdinen baitan, ikasturtean zehar, kanpoan ikasten dabiltzanak. Azken hauen leihotxo bat irekitzea nahi izan dugu, eta horregatik Leioatik At! Atala martxan jarri dugu.

Europan zehar edota latinoamerikan dauden ikasleen bizipenak izango dira atal honen funtsa. Lehengo pertsonan kontatuko dizkigute haien bizipen eta esperientzia ezberdinak.
Hemen duzue ba Leioatik At! Atala.

Goazen Leioatik mundura,
Goazen Leioatik At!