2013(e)ko abenduaren 19(a), osteguna

Zaharrak berri

Etxera bueltatzeko egun batzuk besterik geratzen diren honetan, Lisboan daramadan denbora segituan igaro zaidala aitortu behar dut. Abuztuaren azkeneo egunean iritsi nintzen Portugaleko hiriburura eta hiru hilabete hauetan leku ezberdinak eta pertsona berriak ezagutzeko aukera izan dut. Hala ere, aipatu beharra daukat, hasiera pentsatu baino zailagoa gauzatu zaidala. 

                                                          

Barañain utzi nuenetik pasatutako gertakariek, gorputza ez ezeik, gainerako guztia han nuen: Herri Harresiaren inguruan egindako ekimenak, Herrirako lagunen atxiloketa, Xaporen atxiloketa, eta nola ez ba: Nabarreriako askegune mundiala. Ez dakizue zelako emozioa eman zidan, Luis (nire herrikoa, oraindik ez dakienarentzat) herriko jendeaz babestuta Iruñeko bihotzean agertzea. Eta nola ez ba, Luis babesten zeundeten guztiak ikustean, bertako argazki, bideoak jasotzen nituenean sortzen zitzaidan inoiz sentitutako sentsazioa. Ikaragarria izan zen, benetan.
Egia esan, lerro hauek irakurrita, onturatu naiz pentsatzen nuena baino zailago egin zait Barañaindik, eta orohar Euskal Herritik kanpo egotea.

Zailena egin zaidana, maite ditudanengandik hurrun egotea izan da. Izan ere distantziak harremanak mantentzea zaildu egiten ditu, egunerokotasuneko kontaktu hori izateko aukera ez dagoelako, harreman prozesuak zailduz. Izan ere distantziak dena areagotzen du, tartean sentimenduak; eta adibidez, han uskeri bat besterik ez dena,uskeri izateari utzi egiten dio.
Hemen egoteak, harremanak pantailen aurrean (odenagailua, mugikorra..) izaten jarraitzera behartu nau, eta apika, ezagutzen nauzuen askok pentsatzen duzuenaren kontra, ez zait harremantzeko modu hau asko gustatzen.
Berez, harremanetan (zuzeneko kontaktua izateko aukera dagoenean) gaizki ulertu ugari badaude, imaginatu distantziarengatik zenbateraino zailtzen den harreman bat, pantaila batetara mugatzen baduzu. Argi dago komunikazio prozesua ( igorlea, hartzailea, mezua, kodea, ekarreragintza..) kaltetuta suertatzen dela horrelakoetan.
Horrelakoetan, normalean baino esfortzu gehiago eskatu egiten du, eta batzutan gogorik izan ez arren skype-aren aurrean jartzen zara etxekoen, koadrilakoen, do bestelako lagunen berri izan ahal izateko. Zailtasun hauekin bizitzen ikasi behar izan dugu, bai kanpoan gaudenok, eta baita bertan geratu direnak ere: ordutegi desberdinak, gogoak, espektatibak..

Haserrealdiren bat izan ez dudala errango banu gezur handi bat erranen nuke.


Zaila da, eta unean uneko komunikazio prozesuaren parten diren konponente bakoitzaren egoera (igorle zein hartzailearen kasuan, egoera piskologiko, mentala eta fisikoa, gogoak, espektatibak..) kontuan hartu behar baitira.

Zailxeagoa egingo zaigun arren, esfortzu hori egitea gomendatzen dizuet, eta maite duzuen pertsona hoerietako batekin haserretuz gero (zihurrenik uskeri inozo batengatik izango dela), benetan estimatzen eta maitatzen baduzu, saiatu konpontzen; ez du merez liskar tonto batengatik edota distantziarengatik harreman garrantzitsuak galtzea.

Sentitzen dut norbaiten espektatibak bete ez baditut, baina pertsonalki gertatu zaidan gauza bat da (uste dut enaizela bakarra izanen), eta horren inguruko hausnarketa hau zuekin konpartitu nahi izan dut.
Baina tira, izan ditudan gora-beheratxo hauek alde batera utzita, hurrengo asteetan zehar nire hilabete hauetan bizitako hianbat pasarte konpartitzeko ideia dut.

Beraz, prestatu zaitezte!

2013(e)ko abenduaren 2(a), astelehena

Filtroko sarraskiaren itzala 19 urte eta gero

Entzuna nuen zerbait Filtroko sarraskiari buruz Montevideora etortzerako. Irakurria nuen Mintegiagak honi buruz idatzitako liburua, eta banuen gertatua bertatik ezagutzeko gogoa ere. Ez nuen asko uste ordea, Filtron gertatutakoari buruz dokumental bat egiten hasi, eta aitzakia honekin, hamaika pertsonaren lekukotzak entzungo nituenik, tartean, Norma Morronirenak.



1990eko hamarkadan hainbat euskal iheslari politiko etorri ziren Uruguaira. Hauek bizitza publikoa egiten zuten bertan. 1992an 13 iheslari atxilotu zituen Uruguaiko poliziak beste pertsona batzuekin batera. Espainiar gobernuak iheslariak estraditatzeko zeukan interesa zegoen atxiloketa horien atzean. Pixkanaka, euskaldunekiko elkartasunak indarra hartu zuen Uruguaiko kaleetan. Herrialde honek historikoki ideologia ezberdinetako iheslariei asilo politikoa eman izan die, eta eskubide hori aldarrikatzen zuten herritarrek.

Prozesua luze joan zen. Azkenean, hiru euskal herritarren estradizio eskaerak onartu zituzten. Eta ezin esan gabe utzi espainiar gobernuak erabaki horretan izandako eragina, presioa egiteaz gain, autoak eta dirua ere eman baitzizikion Uruguaiko gobernuari estradizio horien truke! Baraualdiari ekin zioten orduan estradizio arriskupean zeuden euskal herritarrek, eta Filtroko ospitalera eraman zituzten. Laster hartu zituzten herritarren protestek ospitale inguruak ere.

1994ko abuztuaren 24an estraditatu zituzten azkenean hiru euskal herritarrak. Erasoa ez zen hor amaitu ordea. Diktadura garaitik ezagutu gabeko indarkeriarekin erantzun zien Uruguaiko poliziak herritarren protestei. Horren emaitza izan ziren Roberto Facal eta Fernando Morroniren heriotzak. Hirugarren biktima bati buruz ere hitz egin izan da, sekula argitu ez den arren.

Kalean gertatzen zenaz ezer gutxi zekien emakume bezala definitzen du Norma Morronik bere burua. Semea hil ziotelako atera zen kalera. “Ellos dieron la orden, y como ratas se esconden”, dio hotz, Fernando hil zutenean gobernuan zeudenei buruz galdetzean. Mila aldiz kontatu du Normak istorio bera, bere historia. Eta berriro kontatzeko prest dago, duintasunaren eta justiziaren izenean. Begiak lausotu zaizkio Euskal Herriari buruz galdetzean. Uruguai adina maite duela dio, baita hango jendea ere. Niri ere korapilo bat egin zait eztarrian hitz horiek entzutean.

Bere etxean hartu gintuen Norma Morronik astelehen hartan. Eta guk, lekutxo bat egin diogu gure bihotzetan emakume erraldoi honi. Elkartasuna, herrien arteko maitasunaz haratago, pertsonen artekoa ere badelako, eta horren isla da bere borroka.

Chao gurises!


Gai honi buruz gehiago jakin nahi duzuenontzako lotura batzuk:
  • Samara Velte kazetariak Berria egunkarian egindako erreportajea.
  • El Filtro: Memorias de los refugiados vascos en Uruguay (Txalaparta, 2009), Jon Mitegiagaren liburua.
  • Canal 10 telebista-kate uruguaiarrak egindako bideo-erreportajea:

2013(e)ko azaroaren 25(a), astelehena

“La bella Italia…"

Heldu eta hilabete eta erdi beranduago busetik idazten dut, Milanora bidean, ERASMUSean dagoen klasekide bati bisita egiteko. Hogei minutuz egon gara autopistako sarreran, peajearen ondoan, ezer gehiago ez zegoen leku baten eramango gaituen busaren zain. Desesperazio aurpegiaz “La bella Italia…” esatera ohitu gara jada. Etorri aurretik ez nuen pentsatzen hain ezberdina izango zenik. Egia da, aspektu askotan oso antzeko ohiturak ditugula baina badira batez ere, egunerokotasuneko gauza batzuk oraindik ere, harritu egiten nautela. Unibertsitatean ere egunerokotasuneko “kaosa” igarri egiten da. Duela urte bete esango balidate ez nuke sinitsiko honelako zer edo zer esatera helduko nintzenik eta gutxiago publikoan, baina, EHU (batzuetan) faltan botatzen dut, baita gure Bizkaibus zerbitzu “kuttunak”… Baina hemen pozik bizi dira horrela eta guretzat kaotikoa den sistemarekin ondo konpontzen dira, beraz, alde horretatik urte italiar honetan, guri ohitzea tokatzen zait.

Jada bertan bizi naizela benetan asimilatzen hasi naiz, oporretan ez nagoela nahiz eta askotan ematen duen. Bidaiak hara, hona; festa han eta hemen… Gauza berri asko daudela konturatzea eta bat-bateko overbooking hori igual. Momentu baten paratzea eta pensatzea hau dala nire lekua orain. Eta horrek etxera bidaia noiz tokatzen den ekartzen dit gogora. Amari besarkada bat emateko eguna noiz helduko den. Gelditze momentu horietan, askotan sentitzen dut burua han daukadala (tartean teknologia gehiegi) eta horrek zaildu egiten du aurrera egiteak. Baina duela hilabete arrotzak ziren pertsonek, eta gaur betiko lagunak ematen duten horiek, asko laguntzen dute. Laztan bat, besarkada bat, muxu bat, irribarre bat edo hitz polit batzuk ezagutzen ez zaituen pertsona batengatik gehiago estimatzen dira. Pertsona onak oraindik ere existitzen direla deskubritzen duzu. Ingurukoak, elkarren artean oso ezberdinak izan arren, ezagutu barik maitatzen ikasten duzu. Lagunak, txikitan bezala, astebetean egiten dira hemen eta supongo, bizitzen ikastea izango dela hori. Baina, bizirauteko teknika hau benetan gustoko dut. Inguruko kaosaz gain, barne kaosaren parte izango da hau. Kontraesanak per tutti.

Kontraesanak kontraesan, Emilia-Romagnako eguzkiak aurpegian eman eta idazten uzten ez didan honetan, leihotik ikusten ditudan bistengatik “La bella Italia!” irri batez nire ondokoari esatea baino ez zait irtetzen. Autobuseko leihotik eta Leioara, barne kaos italiarrari esker, gaurko irudirik politena.


2013(e)ko azaroaren 4(a), astelehena

Unibertsitateko lehenengo eguna



Goizeko zortziak eta iratzargailua oihuka. Ni ezin esnatu. Abuztuaren 12 zen eta ni unibertsitateko lehenengo klase egunera joan behar. Urduri nengoen, zer aurkituko dut? Nolakoa izango da klasea? Zenbat pertsona egongo dira? Jatorrak izango dira nirekin? Mila galdera bueltaka, lehen hezkuntzako lehengo klase egunean bezala.


La Platako kaleetatik unibertsitaterako bidea hartu nuen, eta hogei minututan EHUren antzik ez duen unibertsitate batean nintzen. Uste dut guztiok ikasgela bat imajinatzen dugunean, aulkiak, mahaiak eta arbela bat dituen gela bat dugula buruan. Baina horrela imajinatzeak, ez du esan nahi horrela direnik ikasgela guztiak. Aulkiak bai, asko daude La Platako Arte Ederren fakultateko ikasgela horretan, baina mahairik ez. Bat bera ere ez. Zinemaren historia ikasgaiko irakasleak txapa ematen duen bitartean ikasleok koadernoa hanketan dugula hartzen ditugu apunteak. Arraroa, ezta?



Hemen Argentinan, unibertsitatean ikastea doakoa da. Zero! Jendeak ez du matrikularik ordaintzen unibertsitatean ikasteagatik! Gustatuko litzaiguke, bai... Jendeak pentsa dezake, unibertsitatea dohainik izanda, edozein sartuko dela ikastera. Baina ez da hala. Esan beharra dut, interesa eta ikasteko grina duen jendea topatu dudala fakultatean. Gainera Latinoamerikako lurralde askotako pertsonak etortzen dira hona La Platara eta sortzen den giroa guztiz aberasgarria da.

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean ikasten dut nik Leioan, eta bertan eman ditudan hiru urteetan, asko kexatu naiz. Baina hemen nagoela, konturatu naiz, gure fakultateak badituela probestu behar ditugun zenbait gauza on ere. Bertan egonda, baliteke, ez konturatzea duten balioaz, baina ikasleen eskutara dauden kamera onak ditugu, platoak, mac ordenagailuak dituzten hainbat gela... Hemen Argentinan plato bat baino ez dute. Ikasleek euren kamerak, argi eta soinu ekipoak, ordenagailuak... erabili behar dituzte.

Unibertsitatean gauza berri asko aurkitu ditut, baina ez hor bakarrik. Bi hilabete hauetan orain arte ezezagunak nituen hitz asko ere topatu ditut. Baten bat jakin nahi? Jolastu dezagun hitzen esanahiak asmatzera!

Zer esan nahi du argentinarrez chamullar (‘xamuxar’) hitzak?

Hurrengo sarreran erantzuna

2013(e)ko urriaren 27(a), igandea

Pueblatik Leioarat

Aupa gazteok!

Ni Eneko Azurmendi naiz, oñatiarra, eta urtarrilean Mexikora noa, Pueblara zehatzago esateko. 
Kazetaritza ikaslea naiz eta Pueblako unibertsitatean komunikazio gradua besterik ez dago, eta alde horretatik ez dakit zer eskainiko didan. Baina tira, gauza da lur mexikarrak zapaltzeko irrikitan nagoela eta bertara joateko tramitazioa bukatzen ari naizela, nahiz eta bisa egitera Bartzelonaraino joan beharko dudan.

Beraz, Urtarriletik aurrera nire esperientziak idatziko ditut hemen.

Ordura arte!

2013(e)ko urriaren 25(a), ostirala

Ciao a tutti!

Naima naiz, Bilbotarra berez, Italiarra adopzioz (urte betez bada ere). Geologiako 3.mailako ikaslea naiz EHUn eta nire betiko ametsa izan da kanpoan ikasi ahal izatea, mundua ezagutzea. Asi que, iaz kurtso hasieratik hasi natzaion nire koordinatzaileari plastadia emoten eta azkenean lortu dut. Hemen nago. Urbinon. Sono Erasmus! Hilabete daramat Italian (irailaren 13an heldu nintzen) eta urte osua egongo naiz. Urbino Italiako Marche probintziako mendi punta baten dagoen herritxoa da. Italiako herri gehienak bezala ederra da eta aldapaz beteta dago (egitan, ez da esageraziñoa, Elantxobe baino okerragoa da...).
Erasmusa nun egin aukeratu nuenean, nire premiarik handiena hiritik irtetzea zen (Bilbokoa naiz..).  Aukera biableak  ziren Cardiff (Galesen) eta Pavia, Milano eta Urbino (Italian). Inglesa hobetzeko asmotan, Cardiffera joan nahi nuen, baina inskripziñoa egiteko orduan desagertu zen inork ezebe esan barik (gora EHU!). Eta zergatik oso ondo jakin barik, Urbino aukeratu nuen.  Hasiera baten pentsatu nuen mendi puntan egongo nintzela “de retiro espiritual” edo. Niente. Guztiz kontrakoa da. Hemengo unibertsitateak bostehun urte inguru ditu eta ikaslez beteta dago. Giroa ezinohobea. Benetan, eta badaezpadan berriro esango dut , hobetu ezina.

Lehenengo egunak arraroak izan ziren  papeleoa, leku berria, ohitura berriak, jende berria... Baina segituan ohitzen zara, ze erremedio! Errez erreza izan zen bertan ginala asimilatzea. Erasmus pilo bat daude Españatik eta Kataluñatik etorriak eta italiarrek egiten dute berba edozeinekin. Euskaldunak lau gara: nafartar bat, bi gipuzkoar eta ni. Alemanak pilo bat dira, Irlandesak eta Frantsesak ere asko dira. Poliglota bueltatuko gara Euskal Herrira!   
Eta gaurkoz, bukatu dut txapada introduktorio hau.


“Volare oooh! Cantare ooooh! Nel blu dipinto di blu, FELICE DI STARE LASSU!!”

2013(e)ko urriaren 24(a), osteguna

Esperientzia baterako leihoa

Hasi da nire erasmus esperientzia, oraindik ezin dut sinetsi! Jada denboratxo bat daramat Lisboan eta oraindik hizkuntza eta klaseetara ohitzen banabil ere, jada etxean sentitzen naiz.
Hau azpimarratzea gustatuko litzaidake, izan ere, harrigarria da etxetik, lagunengandik eta ezagutzen dugun mundutik urrun gaudenean zeinen azkar moldatzen garen egoera berrietara, baina batez ere, zeinen azkar jartzen dugun gure konfiantza lagun berrietan.
Konfiantza. Aurkezpen edo sarrera honetan hasi nahi nuen gai honi buruz berbetan, izan ere besteengan sinetsi behar dugu denok zerotik hasten garen hiri batetan. Ez dago aukerarik, baina dena azkarrago eraikitzen da. Sentimenduak, ideiak eta gertaerak batera datoz, gaztelu berri bat sortuz, etxetik urrun.


Goza dezagun denok elkarrekin esperientzia honetaz, eta ikas dezagun ere. Garrantzitsuena aukera hau benetan aprobetxatzea da, ezberdina egitea. Aurrera!



2013(e)ko urriaren 23(a), asteazkena

Nondik?

Abuztuaren 9a. Aspalditik markatuta neukan data agendan, eta inoiz ez zela iritsiko uste nuen. Orain berriz, atzo izan zela iruditzen zait, bi hilabete pasa diren arren.
Egun horretan irten nintzen Euskal Herritik, euskaldunen presentzia handia duen herrira, Uruguaira. Egia esan, aurreko egunetan ere, hemen gehiago nuen burua hor baino: maleta, hegaldia, hizkuntza... Beldurra ere sentitzen nuen, herrialde txiki hau handiegi geratuko ote zitzaidan, zergatik ukatu!

Sentsazio horiekin hartu nuen Euskal Herrikoen aldean “zaharra” zirudien autobus hura aireportuan. Montevideora iritsi, eta Euskal Herrian baino jende irekiagoak lagundu zigun hostalera iristen. Eta zer esan lehenengo egunei buruz! Hiria lasaia iruditu zitzaidan, baina gauza batzuk harrigarriak egiten zitzaizkidan, esaterako, gurdia zeramaten zaldiekin hondakinak biltzen dituen jendea ikustea. Hondakinak biltzeko sistemari buruzko eztabaidan bizi den gipuzkoar batentzat ulertezina zen! Eta horrela, beste milaka adibide...

Pixkanaka, ohartu naiz Hego Amerikan nagoela, Uruguain, Montevideon, eta ez Euskal Herrian. Beraz, Euskal Herriko betaurrekoak erantzi, eta hemengo ikuspegitik osatu nahiko nuke nire eguneroko hau. Hemendik eta zuentzat, zuek ere herrialde honetako borroken berri izan dezazuen.

On egin!

Paris, mon amour

Paris, maitasunaren hiria. Jendea tropelean doa, euren arteko amodioa bertan izkribatua gera dadin, bizitzako unerik erromantikoenak han igaro zituztela lau haizetara zabaltzeko. Trenean nihoala horren adibide izan nuen. Aurrean zegoen bikotea gau osoa laztanka eta muxuka ibili zen. Eta ni euren atzean, haien maitasunaren lekuko. Bihotz itxurako gominola horietako bat eskaini ere egin zidaten! Xarmagarria... Ziur aski, Parisera heltzean, Notre Dame ondoko zubian giltzarrapoa lotu izanen zuten, inoiz bereiztuko ez zirela elkarri zin eginez. Hobe lukete ba giltzarrpoa haien artean lotzea!
12 ordutako trenak denbora dezente utzi zidan nahi haina hipotesi egiteko.

Gure bizitza kontraesanez josita dago, baina kontraesanak hain handiak direnean absurdo bilakatzen da aurrean duguna. Absurdoa da “liberté, egalité et fraternité” sarreran idatzirik duen eraikin baten atarian eskale bat egotea, bi txakur txikitxo ondoan dituela, eta jendea handik pasatzean animaliatxoez hunkiturik haiek laztantzera hurbiltzea.  

Maitasuna ez beste ezer dario hiriari. Erromantisizmo garaia aspaldi igaro zen, baina asko eta asko, ahal dutenak behintzat, iraganari tiraka bizi dira, egun gizartean zentzurik ez duenari eutsi nahiean. Maitasunak (maitasun erromantiko konbentzionalak) itsutu egiten gaitu; hori erran ohi da. Paris, maitasunaren aitzakipean, itsu dago.


2013(e)ko urriaren 22(a), asteartea

Ez Roma, ez Bolonia. Lisboa

Askotan entzun izan nuen, unibertsitatera sartu aurretik Erasmus hitza unibertsitate hitzaren atzetik. Askotan, gehienetan, ikasketa arloa alboratuta geratzen zen entzuten nituen kontakizunetan, egun bat bestearen atzetik parrandan pasatzearren.
Azkenean unibertsitatean sartu nintzen. Kazetaritza ikasi nahi nuen eta nire herritik Leioara joan behar izan nuen euskaraz ikasi ahal izateko. Bertan ere, lehenago entzunak nituen kontakizunak entzuteko aukera izan nuen 1. eta 2. mailetan zehar.

Erasmus, Orgasmus.

Azkenean urtebetez beste herrialde batera ikastera joatekoa aukera heldu zitzaigun 2.mailan geundenoi. Gogoratzen dut Erresuma Batura edo Irlandara joateko nere nahia zapuztuta ikusi nuela Erasmus eta bestelako programen inguruko batzar informatiboan, leku ezberdinen zerrenda ikusterakoan. Ez neukan aukerararik, ez Irlanda ezta Erresuma Batuan ez zegoelako erasmusik egiteko aukerarik. Hortaz, Italia bihuru zen nire nahia.

Oh Erroma, que bella!

Roma lehengo, Bolonia bigarrez. Ba ez! Azkenean Lisboa izan zen eskeini zidaten helmuga. Bitan pentsatu gabe, eta egia esan Lisboan asko pentsatu gabe onartu egin nuen. Argi neukan, kanpoan ikasi nahi nuela hurrengo ikasturtean, eta antza zenez Lisboa izango zen nire helmuga.

Paper sinaketa, urduritasuna, email bonbardeoak, azterketak eta uda.

Barañaingo jaiak, San Ferminak, Kale-Jira; Koadrlila, aspaldiko lagunak, ezagunak..
Momentu ahaztezin asko.
Agurrak.

9-10 hilabete, hiri berri bat.


Lisboa.



¿Qué onda boludos?

Zaila izaten da batzuentzat etxetik urrun joatea, zaila erabakia, zaila maleta prestatzea eta zaila mutilari azken musua ematea. Baina zin egiten dizuet ez dagoela erabaki aberasgarriagorik.
Argentinako La Plata hirira etortzea erabaki nuen nik, eta aitortzen dut, zaila izan zen egunerokotasuna utzi eta mundu berri eta ezezagun bat ezagutzeko bidairi ekitea. Baina orain, zenbakien hiri honetan hilabete bat daramadala, esan dezaket esperientzia hau ez nukeela ezerengatik aldatuko. Bidaia hasi besterik ez da egin.

Duela hilabete bat, hegazkina hartzeko Bilbora kotxez nindoala, honakoa galdetu nien gurasoei: “Baten batek egingo du, nik bezala, Bilbo-Paris-Buenos Aires bidaia?”. Kasualitatea handiegia izango zela uste izan genuen momentu horretan, baina hemezortzi ordu geroago, Buenos Aireseko aireportuan nengoela holakoak gertatzen direla ikusi nuen. Bidai guztia bakarrik egin eta La Platara bakarrik iritsiko nintzela pentsatzen nuen. Beldur nintzen, egia esan. Baina autobusa itxoiten geundela, gidariak bidaiari guztien izenak esan zituen ahozkora. Horien artean bi izen euskaldun, nirea eta orain nire pisukidea den mutil batena. Izenak entzun, elkar begiratu eta...

-       Euskalduna zara?
-       Bai
-       Parisetik etorri zara?
-       Bai, Bilbo-Paris-Buenos Aires bidaia egin dut.
-       Benetan? Nik ere bai! Eta nora zoaz?
-       La Platara, Frankville hostelera.
-       Ni ere bai!! Zenbaterako?
-       Lauhilabete bat, zu?
-       Berdin!!!

Bakarri iritsi nintzen Argentinara, baina zorionez ez La Platara. Gaurtik aurrera, Leioatik at Argentinan eta bereziki La Platan bizitzen ditudan esperientziak kontatuko dizkizuet eta, baliteke, horrelako beste ezustekoren bat ere egotea tartean. 

¿Qué onda boludos? @LohiLorit nauzue!